XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Taniak ere gauza bera egiten zuela pentsa dezaket, biok nolabaiteko jokoan ari bait ginen, interes berezi eta propial batek eskaturiko paper-itxurak antzezten.

Halako egoera hartan neure burua errudun sentitzeaz gainera farregarri ikusten banuen, are lotsagarriago egiten zitzaidan (posible izanik behintzat) Taniaren portaera.

Bazirudien ustegabeko harreman hurkoak gaztetu egiten zuela nolabait, baina halako moldez gaztetu ere non jokaera osotoro berria eta arras esperogabekoa erakusten bait zuen nire aurrean.

Adinez ni baino zaharrago izanda, hamabost-hamazazpi urtetako neskatila zela ematen zuen zerabiltzan itxura-mitxura, joku eta imintzioei kaso eginik.

Okerrena hala ere, hirugarren gauean suertatu zitzaidan, biok ohean geundela, sekretu bat aitortu behar zidala esatean: nik sinistu ala ez, lehen aldia zela, bere senar-ohiak alde egin zionetik, halako zerbait egiten zuena eta ez pentsatzeko, arren, edozein emakume erraxka eta kaxkarinek bezalaxe jokatzen zuenik....

Orain, denboraren joatearekin eskuratzen den ikusmiraz baliaturik, garbi egiten zait hankasartze hura biontzako izan zela onuragarri eta komenientziako arazoa, biok ateratzen ginela irabazle elkartze harekin, hala nolako etekin bat lortuz, ez bait nengoen ni inolaz ere Taniarekin maiteminduta eta are gutxiago (halaxe iruditzen zait) oraindik bera.

Areago, egiten zait urteak zirela Taniari enamoratze lanetan sartzeko garai joan zitzaionetik.

Halaxe ordea, eguneroko bizibehar lan latzetan lortua nuen oreka gisako lasaialdi bat: banuen ordutik trankilago bizitzerik, banuen non jan eta lo egin, baita norekin ere....

Baina handik aurrera ez zen dena lehen bezalaxe izango.

Handik aurrera, erabakia hartzearekin batera konturatu nintzen eta orain, urteak pasata, argiago dakusat, inolako lurrundurarik gabe, aldatua zegoela nire bizitza, zerbait apurtua zela enegan betirako.

Beldurrak eraginda hasia nintzen erabakiak hartzen eta bestelatsu jokatzen.

Izua, nolabait esatekotan, nire barnean zegoen iadanik; izua nire baitara zegoela ordurako bertaratua, alegia.